Santa Luzia

Zallo (Gernika-Lumo)

Ermita handia, Zalloko artadian.

Santa Luzia (Gernika-Lumo)
  • Kronologia: XVI. mendea (1500 aldera)
  • Estiloa: Gotikoa
  • Udala: Gernika-Lumo
  • Auzoa: Zallo
  • Koordenatuak: 43.305588,-2.686845

Lagundu barrualdeari

Ermita guztiak

Deitura

Siziliako neska gaztea zen Luzia. Diokleziano enperadorearen garaiean (304. urtean) bere senargaiak kristaua zela salatu ondoren, jainko erromatarrei sakrifizioak egiteari uko egiteagatik martirizatu eta burua moztu zioten. Martirioa pairatzen zuen bitartean, begiak atera zizkioten (beste bertsioen arabera, hark berak bere buruari begiak atera eta senargaiari bidali zizkion, erretiluan).

Hori dela eta, itsuen patroia eta bista-gaitzak dituztenen aldeztatzailea da. Honela irudikatu ohi dute: ezpata bat, lepoa zeharkatzen diona, bere hiltzearen ikurra; palma, martirioaren ikurra; olio-lanpara; eta, ohikoena, begi bi erretiluan daramatzalarik.

Santa Luzia Deitura (Gernika-Lumo)
Santa Luzia (Gernika-Lumo)

Ohitura eta Errituak

Domekero ematen da meza, Lumoko Done Petri Apostoluaren parrokia-ordea baita Zalloko auzotarrentzako. Urte osoan zehar fededunak hona etortzen dira, bista-gaitzak sendatzea eskatzearren.

Santa Luziaren egunean, abenduak 13, meza ematen da. Hala ere, normalean egun hartan eguraldi txarra egiten duenez gero, herriko ospakizunak (meza kantatua eta erromeria) Done Laurendiren egunean, abuztuak 10, egiten dira. Antzina, biharamunean, abuztuak 11, auzoko hildakoen aldeko meza ematen zen. Lehorraldietan Done Laurendiren irudia atera, prozesioa eta erreguteak egiten ziren, euria egin dezala eskatzeko. Zeruratzearen (berrogei egun Pazko-domekaren ostean) aurreko eguaztenean, ohikoa zen ermitara gerturatzea. Egun hartan, meza eman eta ura bedeinkatzen zen, joandakoek etxera eramateko.

Ermitan San Markosen irudirik egon ez arren, ebanjelista horren egunean, apirilak 25, ohikoa zen ermitara etortzea otoitz egitera, soroak bedeinkatu ostean. Orduan, hurrondo-gurutzeak bedeinkatu eta eliztarren baratzeetan kokatzen zituzten, uzta onak lortzearren.

Eraikina

Gaur egun, Santa Luzia ermita Lumoko Done Petri parrokia-ordea da. Historian zehar, halaber, parrokia horren patronatuaren zatia izan da. Ugazabek, Mezeta etxeko Allende Salazar jaun-andreek, Montefuerte kondeek, hamarrenak (zergak) kobratzen zituzten, ermitako patroiak ziren heinean.

Ohi baino handiagoa da ermita. Oso estruktura xumeko eraikina da: oinplano angeluzuzena, zuritutako harlangaitz-hormak eta hiru isurkiko estalpea. Teilatu hori zurezko beso luzeko zutikoen gainean dauden habeen gainean datza. Beso horietako batzuek XVI. mendeko ohiko apainketak dituzte, hala nola, zirien ordez erabitzen ziren zurezko kabilak.

Kanpoaldeko elementurik aipagarrienak ermita eraiki zuten garaikoak dira; hau da, XVI. mendekoak eta, beraz, eraikinaren elementu antzinenak: ojiba-arkuko atea eta hiru lobuloko bao bik osatutako ojiba-arkuko leihoa. Bao horien gainean, maskuri-formako apaingarri ohikoak daude.
Ermitako alboan idi- eta gizon-probak egiteko probalekua dago.

Normalean, Done Laurendi egunean egiten dira proba horiek.

Hornidura

Ermitaren barruan erretaula klasizista dago, 1650 alderakoa, Foruko tailerrean eginda. Erretaulu horren erdian Santa Luziaren irudia dago, garai berekoa. Martirioa pairatu zuela adierazten duen palma darama. Luziak eta ezkerreko eskua luzatzen du; antza, bere martirioaren ikurra darama esku horretan: begiak edukitzen dituen erretilutxoa.

Erretauluaren goiko aldean hiru irudi daude: Done Laurendi barrokoa, XVIII. mendekoa, diakonoz jantzita eta bere martirioaren ikurrak (palma eta parrilla) daramatzalarik. Laurendi beneratua da, oso, Santa Luzia ermitan. Irudi horren alboan, Ama Birjina, Kristo hilda magalean duelarik; hau da pietatearen irudia. Gotikoaren bukaerakoa da, XVI. mendearen hasierakoa. Azkenik, Santa Marinaren, irudi gotikoa, XIV. mendekoa, eskumako eskua luzatuz eta ezkerrean liburu itxia daramalarik. Santu horrek lotura estua du Donejakue bidearekiko.

Plaza de La Encarnación 9B
48006 Bilbao
Tel: (34) 944 320 125

Honek diruz lagundua:

Webgunea, hauen laguntzarekin: