Done Laurenti
Bermejillo (Güeñes)
Mendez mendeko arkitektura adierazten duen eraikina.
Deitura
Gizon gazte baten itxuraz irudikatu ohi dute, bizargabea, diakonoz jantzita (dalmatika izeneko kapa labur batez, albo bietatik irekia eta ukondorainoko mahukekin). Normalean, esku batean parrilla darama, bere martirioaren oroigarri, eta bestean palma. Garaipen-sinboloa da palma hori Antzinarotik eta, beraz, martirioa pairatu duten santuen ikurra, heriotza gailendu dutelako seinale.
Ohitura eta Errituak
Ohikoa da Done Laurendiren babesa eskatzea azaleko gaitzak (erlakaiztenak, pikorrak eta erredurak) zaintzeko.
Eraikina
El Garmo izeneko mendi-adarrean dago ermita, XX. mendearen bukaeran berriztatu zutena. Oinplano angeluzuzena, harlangaitz-hormak, hiru isurkiko estalpea eta oinaldeko kanpandorre karratua dauzka Alboko atariaren azpian, hegoaldean, zutabeen gainean datzan teilapea dago; horren azpian ermitara sartzeko erdi-arkuko atea dago. Ataria, orain dela gutxi eraikia, beste baten ordez egin dute: Aimon Rebollar arotzak egin zuen aurreko atari hori, 1647an. Ermitaren burualdean harrizko leihoa dago, XI. mendearen erdikoa omen dena. Hareharrizko blokea da, oso higatua; erdiko baoa dauka, zutabe txiki batek zatituta, eta bao horien gainean idi-begi bi (hau da, zirkulu-formako leihoak). Barnealdea guztiz berreginda dago: oinaldean koru txiki bat dauka; atearen ondoan ur bedeinkatutarako harrizko ontzia dago; eta burualdean aldare-mahaia dago.
Hornidura
Done Laurendiren egunean, abuztuak 10, ermitara eramaten dute patroiaren irudia. Normalean, Gueñeseko Andra Maria elizan daukate irudi hori. Done Laurendi dalmatika izeneko kapaz jantzita dago eta palma daroa eskuan; hala ere, ez darama parrilla, ohikoa denez. Herriko eskultura da, XVIII. mendekoa omen dena, eta eskultura gotikoak hartzen ditu eredutzat.
Ermitako gainerako hornidura (XVII. mendeko kapitel bat, XIV. mendeko brontzezko Kristo gurutziltzatu bat eta XV. mendeko irudi bi) Bilboko Euskal Museoan gordetzen dute.
Plaza de La Encarnación 9B
48006 Bilbao
Tel: (34) 944 320 125
Honek diruz lagundua:
Webgunea, hauen laguntzarekin: