Done Petri eta Done Paulo Apostoluak
Ibarruri (Muxika)
Arte-sorta ederra, Bizkaiko ermitarik bikainenetako baten barruan.
Deitura
Petri Jesusen begikoen dizipuluetako bat izan zen; lehendabiziko Aita Santua izan zela onartzen du Eliza Katolikoak. Petri apostoluaren irudiak ezaugarri hauek izaten ditu: giltzak, Jaungoikoaren erresumaren ikurra; oilarra, bere ukapenen oroigarria; gurutzea, Erroman 67. urtean gertatutako bere martirioaren ikurra; makila, artzain izatearen ikurra; eta arraina, Jesus Nazaretekoaren aginduaren arabera “giza-arrantzale” izatearen sinboloa.
Pauloaren irudiak, bestalde, liburu bat izaten du, lehenetariko kristauei idatzi zien epistolen edo gutunen ikurra, Itun Berriak batzen dituenak. Beste batzuetan, ezpata bat daramala irudikatzen dute, burua moztuta martirizatu zutenaren oroigarria.
Ohitura eta Errituak
Aste Santuan zehar gurutze-bidea egiten da, Ibarruriko Jasokundearen parrokiatik ermitaraino. Hor, prozesioa egiten da eraikinaren inguruan, ate batetik sartuz eta bestetik ateraz.
Eraikina
Bizkaiko ermitarik aipagarrienetakoa da Done Petri eta Done Paulo baseliza Antza denez, bi momentu ezberdinetan eraiki zuten: burualdea, aldarea dagoen tokia, XIII. mendekoa da; nabea eta aurrealdea, berriz, 1500.urte alderakoak. Oinplano angeluzuzena eta harlanduzko laneko hormak ditu ermitak. Aipagarria da aurrealdean dagoen atea, ojiba-arku gotikokoa; hor, lau figura txiki daude: kanpoko biek musikariak irudikatzen dituzte eta barrukoek ermitako patroiak, Done Paulo, liburua daramalarik, eta Done Petri, giltza daramalarik. Ateko arkiboltak armagizonez dekoratutako kapiteldun zutabe txikien gainean dautzan.
Hegoaldeko horman beste ate bat dago, hori ere ojiba-arkukoa; bere ondoan ermitako bataiarria (ermita hau antzinako parrokia izan zela adierazten duena), egun ur bedeinkatutarako ontzi moduan erabiltzen dutena.
Barrualdean, nabeak bi isurkiko teilatu-zurajea du. Aldarearen gainean, kanoi-formako zurezko ganga txiki bat dago. Horrek oholezko hiru erregistro edo lerro ditu, soka-formako apaingarriek banatuta; azpian, triangelu-formako apaingarriak dituzten friso bat dago. Euskal Herrian oso ohikoa da estalpe mota hori, zeru izenekoa. Zeruak zurezko hauts-babesak dira, aldarearen gainean esekiak, kontsakrazioan eukaristia babesteko balio dutenak. Ermitakoa XVI. mendearen bigarren erdikoa omen da; hala ere, geroago berriztatu zuten.
Kanpoaldean, aldarearen aldean, zutabe txikiez apaindatutako leiho ederra dago, oso ondo landua.
Hornidura
Aldarearen aurrean, kristautasunaren aurreko estela dago, K. o. I. mendekoa, hiru zirkulu zentrokidek osatzen duten dekorazio geometrikoa daukana.
Plaza de La Encarnación 9B
48006 Bilbao
Tel: (34) 944 320 125
Honek diruz lagundua:
Webgunea, hauen laguntzarekin: