Done Mikel Goiaingerua

Arretxinaga (Markina-Xemein)

Tres impresionantes peñascos protegidos por una ermita de planta hexagonal. Kristo aurreko erritoekin lotutako balizko natura-monumentuaren kristautazioaren adierazle ikustekoa.

Done Mikel Goiangerua - Arretxinaga
  • Kronologia: s. mendea (1741)
  • Estiloa: Barrokoa
  • Udala: Markina-Xemein
  • Auzoa: Arretxinaga
  • Koordenatuak: 43.271487, -2.49511

Lagundu barrualdeari

Ermita guztiak

Deitura

Biblian aipatzen diren lau arkanjeluetako bat da Done Mikel, San Rafael, San Gabriel eta San Urielekin batera. Bere izenak “Nor, Jainkoaren bezala?” esan nahi du, eta Jaungoikoaren aldamenean dagoela adierazten du. Zeruko armadaren komandante-burua da eta, beraz, Luzifer Jaungoikoaren kontra matxinatu zenean, bere aurka borrokatzeko arduraduna izan zen. Jeneral erromatarren uniformearekin jantzitako gizon hegaldun moduan irudikatzen dute, deabrua (batzuetan dragoi edo suge erraldoiaren itxuraz) lantza batez menderatzen duelarik. VI. mendetik aurrera zabaldu zen berarekiko debozioa mendebaldeko Europan; orduan arkanjelua hiru aldiz agertu omen baitzen Italiako Gargano mendian.

Euskal Herrian antzeko agerraldia izan zela esaten zen, Aralar mendian, eta, ondorioz, X. mendez geroztik Nafarroako erregeek bultzatu zuten Done Mikelekiko debozioa. Garai hartan Nafarroako erresumak oraingo Euskal Autonomi Erkidegoa barne hartzen zuen; hori dela eta, Done Mikelen izenpeko egin zituzten gure lurraldeko eliza eta baseliza antzinenak.

Titularraren irudi gotikoa hiru arroken artean dago

Ohitura eta Errituak

Done Mikel Goiangeruaren egunean, irailak 29, meza ematen da eta erromeria egiten da. Gauerdian, mahai gainekoa dantzatzen dute ermita aurreko plazan, antzinako Xemein elizateko (herriko) udala buru. Dantza hori maiatzaren 8koa (Done Mikel Txikiaren egunekoa) da, berez, baina azken urteotan irailean egiten da. Egun hartan dantzariek, argi-zuzia eskuan zeramatela, buelta ematen zuten ermitaren inguruan, elkarren eskutik hartuta eta txistuaren soinuak lagunduta. Xemeingo udaletxera ailegatzen zirenean, mahai baten gainean dantzatzen zuten, alkatea mahi-buru zegoela. Usadioak dioenez, basajaunek (mendiko biztanle erraldoiek, ardi-taldeak babesten dituztenek) ekarri zituzten ermitaren barruko harkaitzak. Jatorri mitiko hori dela medio, magia-ahalmen handia leporatzen zaio tokiari: gaur egun ere ezkongabeek (neskek zein mutilek) etortzen dira urtebete igaro aurretik ezkontzeko asmoz; horretarako hiru bira ematen dituzte harkaitzen inguruan, azpiko zulo estutik pasatuz eta hiru agurmaria errezatuz.

Arretxinagako hiru harkaitzok ahalmen sendagarriak ere omen dituzte: hagin-mina sendatzeko, eskumako harkaitzaren zati bat hartu, ahoan sartu eta Santa Apoloniaren laguntza eskatu egiten da; horrela arintzen da mina, beti ere usadioaren arabera.

Eraikina

Arretxinagako Done Mikel ermita Bizkaiko bitxienetakoa da. Eraikina antza elkarri eusten dioten hiru harkaitz inguruan egin zuten. Izan ere, horixe adierazten du Arretxinaga izenak: “harriak dautzan lekua”. Hiru harkaitzok kapera naturala osatzen dute, ziur asko antzinatik errito paganoekin lotua. Inguruaren kristianizazioa zela eta, Apuliako (Italia) Gargano mendiko harriekin erlazionatu zituzten; hor agertu omen zen Done Mikel Goiangerua eta horrexegatik baliteke Done Mikelen izenpeko egitea tokia. Eraikina elizateko (herriko) tokirik ezanguratsuenetako batean dago, antzinako udaletxearen ondoan, betidanik herriko ospakizun garrantzitsuenak egin diren plazan. Ermitaren alboan idi- eta gizon-probak egiteko probalekua dago, Bizkaia osoan ohikoak diren herri-kirolak.

Egungo baseliza XVIII. mendekoa da; dena den, argi dago ermita antzinago baten lekuan dagoela. Joseph de Lizardi gipuzkoarrak zuzendu zituen eraikitze-lanak, 1741ean bukatutzat eman zituztenak. Ermitako oinplanoaren hexagono-formak hiru harkaitzen inguruko zirkulazioa errazten du, bai eta beraiekin lotutako erritoak ere. Sei nerbioko ganga batek estaltzen du eraikina, sei kontrahormatan finkatuta; barrurantz sartzen dira kontrahormok, beraien arteko tartean kaperak sortuz. Nerbioak ganga-giltzarri izeneko harri batean (gangaren erdian dagoena) batzen dira; landare-itxurako apainketa du giltzarriak. Ate nagusia, mendebalderantz orientatua, harkaitzen arteko kapera naturalarekin lerrokatzen da. Eraikinaren barruan, goiko galeriara igotzeko eskailera kiribil bat dago. Ate batzuk ditu goiko galeria horrek, gangaren beheko zatian irekiak.

Hornidura

Hiru harkaitzen erdian ermitako irudi nagusia dago, hau da, Done Mikel . XV. mendeko eskultura gotiko horrek hegal gabeko arkanjelua irudikatzen du, Erdi Aroko armagizon baten itxuraz, ezkutua eta lantza daramatzalarik, eta bere oinaldean dagoen dragoiari –deabruaren irudiari– gailenduz. Done Mikelen beste irudi bat ere badago ermitan. Horrek arkanjelu hegaldun irudikatzen du, jeneral erromatar baten itxuraz, bular-babes eta gona motza jantzirik, bere oinaldean irabazita dagoen dragoi-deabruaren aurka ezpata goian eta ezkutuak babestua. XVIII. mendeko eskultura neoklasikoa da, Esteban de Ágreda eskultoreak eginda. Madrilgo San Fernandoren Arte Errege-Akademiaren zuzendaria izatera heldu zen eskultore ospetsu hori. Ermita berean XV. mendearen bukaerako Andra Maria Magdalenaren irudia gordetzen dute, tunika eta mantua jantzita eta ezkerreko eskua luzatzen duelarik.

Goiko galerian kultorik gabeko hainbat irudi daude. Horien artean nabarmena da XVI. mendearen bigarren erdiko erretaula; arkitektura ederra dauka eta bere apaindura ere oso zaindua da: aingeruak Kristoren pasioaren ikurrak daramatzatelarik eta erronboz eta obaloz osatutako kateak. Erdiko hobian Antolin Deunaren irudi manierista dago, 1550. urtearen aldekoa, hainbat alditan berpintatuta. San Faustoren irudia San Fausto irudia ere hortxe dago, XVI. mendekoa, ezkerreko eskuan liburua eta eskumakoan nekazaritzako lanabesa daramatzalarik. Apaindura xumeko zurezko hobi batean dago. Galeriako zoko batean San Hiazinto Krakoviakoaren irudi bat dago, 1700. urtearen aldekoa. Santu horren irudikapenaren ohikoa denez, esku batean kustodia darama eta bestean Andra Mariaren irudi txikia edukiko zuen; egun, irudi txiki hori apal baten gainean dago eta, beraz, esku hutsa luzatzen du santuak. Galeria horretan bertan Santa Apolonia eta aingerutxo bi irudikatzen dituen koadroa dago, arte-kalitate gutxikoa, 1772an enkargatu zutena.

Plaza de La Encarnación 9B
48006 Bilbao
Tel: (34) 944 320 125

Honek diruz lagundua:

Webgunea, hauen laguntzarekin: