Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon

Pobeña (Muskiz)

Itsas-tradizioko ermita, Muskizko meatze-iraganari lotuta.

Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon (Muskiz)
  • Kronologia: XVIII. mendea
  • Estiloa: Barroco (herrikoa)
  • Udala: Muskiz
  • Auzoa: Pobeña
  • Koordenatuak 43.346497,-3.121751

Lagundu barrualdeari

Ermita guztiak

Deitura

Andra Maria irudikatzeko tradizio kristauko eretako bat da Sorospenaren Andra Maria. Ama modura irudikatzen dute, Haurra besoetan daramalarik, laster pairatuko duen pasioaren aurrean kontsolatuz; pasioa adierazteko, biek ala biek gurutzeak daramatzate.

Arriskuaren aurrean eskatzen da Sorospenaren Andra Mariaren babesa; hori dela eta, nabigatzaileen gogokoena da, itsasoan beti arriskuan egoten baitira. Halako arrisku-egoera batengatik eraiki zuten Sorospenaren Andra Maria ermita, hain zuzen ere.

San Pantaleon, berriz, martiri kristaua izan zen. Nikomedian (egungo Turkian) jaio eta medikua izan zen. Gaixotasunak sendatuz ospe handia lortu zuen eta, gainera, hainbat mirarizko sendaketa egin zituen; hori zela eta, bezero asko eta, beraz, etsaitasuna eskuratu zuen: bere kideek kristaua zela salatu zuten. Heriotza-zigorra ezarri zioten eta hainbat tormentu pairatu zituen; azkenik, burua moztu zioten IV. mendearen hasieran.
Usadioak dioenez, pikondo siku baten azpian hil zuten eta bere odolak loratarazi zuen; horregatik zuhaitz horrekin irudikatu ohi dute. Batzuetan bisturi bat darama, medikua izatearen oroigarri. Buruko minak eta tuberkulosiaren aurka babesteko eskatzen zaio.

Sorospenaren Andra Maria eta San Pantaleon (Muskiz)

Ohitura eta Errituak

Ermitaren izenpeko dauden egunak Sorospenaren Andra Maria, azaroak 8, eta Betiko Sorospena, ekainak 27, badira ere, Andra Mariaren jaiotze egunean, irailak 8, ospatzen da jai nagusia. Egun horren aurreko bederatzi egunetan bederatziurrena errezatzen zaio Ama Birjinari eta egun horretan bertan etengabeko mezak ematen dira, goizeko seiretatik gaueko hamaikak arte; hala ere, antzina gau osoan luzatzen ziren ospakizunak. Azken meza emanda, prozesioa egiten da Ama Birjinaren irudia Pobeñako San Nikolas Barikoaren parrokiara eramanez; hor meza nagusia ematen da. Parrokian lagatzen dute Ama Birjinaren irudia, urriko lehenengo domekara arte; orduan prozesio nagusia egiten da ermitaraino; prozesio horrek bide ezberdin batetik bueltatu behar du, Ama Birjina manto ezberdin batez jantzita.

ntzina, ermitan biltzen ziren arrantzaleak, itsasoaren egoera ikusteko eta ateraldia prestatzeko. Horrela, ermitan bertan eskatzen zuten Ama Brijinaren babesa, itsasoratu aurretik. Horregatik, arrantzaleek Ama Birjinaren irudiari laguntzen diote prozesio egunetan, arraunak goian daramatzatela, ermitatik parrokiaraino. Hor, arraunak batzen dituzte buruen gainetik, Ama Birjina elizara sartzeko korridorea osatuz.

Badago himno bat, Sorospenaren Andra Mariaren ohoretan:
“Sorospenaren Andra Maria horri, Pobeñako ohoreari, zure seme-alabek maitasun-himnoa abesten dizute. Agur, agur, agur Maria. Zure arroka ukitzen dutenean, olatu kementsuenek beren parpaila hedatzen dute zure aldarearen oinaldean. Agur, agur, agur Maria. Pobeñak aldarrikatzen dizu, Sorospenaren Andra Maria paregabe horri, zeru, lur eta itsasoen erregina. Agur, agur, agur Maria.

Eraikina

Sokorro muinoaren gainean dago ermita, Arena hondartzaren ondoan, San Pantaleon izeneko kobazuloaren gainean. Horregatik Sorospenaren Ama eta San Pantaleon izenpeko dago.

XII. mendetik egon da Andra Mariarekiko debozioa Pobeñan: 1102. urtean lur horietako ugazabandreak, Elo Velazquezek, Pubeiako Santa Maria eliza, jauregia, eskubideak, ondazunak et mare cum suo porto eman zizkion Errioxako Donemiliaga Kukula monasteriori. Ez dakigu gaur egungo ermita eliza hori zegoen leku berberean dagoen, egungoa 1768 aldera eraiki baitzuten, Pedro Llano kapitainak, muzkiztarra berak, egindako agintzaren ondorioz. Izan ere, El Colón izeneko pakebotean Habanatik Coruñara zihoalarik, itsasoko ekaitz ebaten ostean bizirik iraun zuen. 1859an berriztu zuten ermita, kanpai-dorrea eraikiz, bai eta XX. mendearen 80. hamarkadan ere.

Pobeñako paduratik heltzen da ermitara, harrizko eskailera batetik; Arena hondartzatik ezin da eskailera ikusi, arte hostotsu gerizpean baitago. Jai egunetan baino irekitzen ez duen burdin sare batek zarratzen du eskailera hori. Parajea meatze-gune garrantzitsua izan zen XIX eta XX. mendeetan; izan ere, Itsaslurreko ikuztegietaraino ailegatzen zen Orconera enpresaren airetiko tranbiaren hainbat argazkitan ikusten da Pobeñako ermita.

Eraikineko oinplanoa angeluzuzena da, nabe bakarrekoa. Harlangaitz-hormak eta bi isurkiko estalpea dauzka. Atearen gainean ERMITA VIRGEN DEL SOCORRO / POBEÑA (“Sorospenaren Andra Maria ermita, Pobeña”) dioen inskripzioa dago. Barruan, oinaldean, zurezko koru garaia dago.

Hornidura

Ermitako aldare barrokoaren buru Sorospenaren Andra Mariaren irudia dago. Janzteko modukoa da irudia; hau da, Andra Mariaren eta Haurraren aurpegiak eta eskuak baino ez daude zizelkatuta, arropekin estaltzen den zurezko egitura izanik gorputzak. XVIII. mendekoa da. Erretaularen goiko aldean beste irudi bat dago: eskuak elkarri lotuta dauzkan gizona, estilo gotikoa imitatzen omen duena.

Ermitako koruan zurezko erliebea dago. Sorospenaren Andra Mariaren ontzi bat urperatzetik libratzeko mirarizko bitartekotza irudikatzen du erliebe horrek.

Itsas-bokazio handiko ermita denez gero, hainbat botozko objektu, daude barruan; hau da, nabigatzaileek Sorospenaren Amaren bitartekotza eskertzeko uzten dituzten ofrendak: arraunak, itsasontzi-maketak…Objektu horien artean, azpimarratzekoa da ermitaren sustatzaileak, Pedro Llano kapitainak, enkargatu zuen margolana Berak tripulatutako El Colón pakebotea Habanatik hurbil hondoratzetik mirariz salbatu zuelako eskerrak emateko enkargatu zuen. Hori dela eta, margolanak istorio hori adierazten duen inskripzioa dauka:

“1768ko urriaren [ub]15ean, arratsaldeko 4 eta 5 artean, Pedro del Llano jaunak gidatutako El Colón pakebotea,[esta]erregearen mezularia, aurreko egunean Coruñarako bidean atera zena, Habanako portutik iparrerantz hogeita hamar miliatik zegoelarik, eta bretoia eta mezana jaitsiak eta zurgaiko behian zeuzkalarik, hain urakan bortitz gertatu ezen, eskotila urpean egon arte itsasontzia obedituaraziz, lo seko geratu baitzen; orduan, tripulazio osoa larrituta ikusirik, Sorospenaren Andra Mariari, Jaungoikoaren Amari, erregutu zioten sutsuki. Bere bitartekotzari esker Goi-goikoak masta nagusia zuzentzeko tregoa egitea lortu zuten, eta berehala larrialditik atera ziren.
Horri esker 4 egun igarota Habanan sartzea lortu zuen inork kalterik pairatu gabe”.

Bizkaiko botozko objekturik antzinena da koadro hori.

1981. urtean aldarea eta San Pantaleonen irudia jarri zituzten kobazuloan. Gaur egun, ermitaren barruan dago eskultura.

Plaza de La Encarnación 9B
48006 Bilbao
Tel: (34) 944 320 125

Honek diruz lagundua:

Webgunea, hauen laguntzarekin: