Done Petri Apostolua Ermita
Arta (Ziortza-Bolibar)
Arta herri-auzoak altxorra dauka hango ermitaren barruan: hiruko zerua, zurezko kanoi-ganga hirukoitza.
Deitura
Petri apostoluaren irudiak ezaugarri hauek izaten ditu: giltzak, Jaungoikoaren erresumaren ikurra; oilarra, bere ukapenen oroigarria; gurutzea, bere martirioaren ikurra; makila, artzain izatearen ikurra; eta arraina, Jesus Nazaretekoaren aginduaren arabera “giza-arrantzale” izatearen sinboloa.


Ohitura eta Errituak
Antzina, Zeruratzearen (berrogei egun Pazko-domekaren ostean) aurreko astelehenean prozesio bat etortzen zen ermitara Bolibarko elizatik. Egun hartan, hilen meza ematen zen eta ura bedeinkatzen zen, joandakoen artean banatzeko eta soroetan eta ortuetan ihinztatzeko, uzta ugariak lortzearren.
Eraikina
Oinplano angeluzuzeneko eraikina da, harlangaitz-hormak dauzkana. Hormok luzituta daude eta harlanduak dituzte izkinetan eta baoetan. Barrura sartzeko, ojiba-arkudun atea dago, zurezko zutabeen gainean datzan atari batek babestua. Ermitak kanpai-horma eta kanpaia ere badauzka.
Barruan, zurezko egiturako korua dago. Eraikinak nave bakarra eta bi isurkiko estaldura dauzka. Burualdean, ostera, hiruko zeru izeneko zurezko kanoi-ganga hirukoitza dauka. Zeruak zurezko hauts-babesak dira, aldarearen gainean esekiak, kontsakrazioan eukaristia babesteko balio dutenak.
Hornidura
Ermitaren eskumaldean, ebanjelio deritzon aldean, Andra Maria eta Haurraren zurezko tailu polikromoa dago. Haurra Ama Birjinaren ezkerreko hankaren gainean dago jarrita, eskua goian eta atzamarrak bedeinkatzeko keinuz. Hori zen Euskal Herrian XIV. mendean Andra Maria irudikatzeko erarik ohikoena. Ama Birjinak mantu izartsua janzten du eta eskumako eskuan sagar bat daroa; Mariak gizateria onera ekarriko duela eta, beraz, Eva berria dela adierazten du sagarrak.
Ermitaren beste aldean San Ildefontsoren irudia dago. Eskultura hori XVIII. mendekoa omen da, baina zaila da kronologia zehaztea, herri-tailua baita. Ildefontsok gotzain baten jantziak dauzka: kasula eta mitra (gotzainen berezko burukoa); mitra horretan kustodia bat dago margotuta. Esku batean makila darama eta bestean liburu itxia.

Plaza de La Encarnación 9B
48006 Bilbao
Tel: (34) 944 320 125
Honek diruz lagundua:


Webgunea, hauen laguntzarekin:
