Andra Mari Magdalena
Zeinka-Zearregi (Ziortza-Bolibar)
Zeinka auzotik, Andra Maria Magdalenak Murelagako (Aulesti) Santa Eufemiari egiten dio so.
Deitura
Ebanjelioaren arabera, predikatu bitartean Jesus lagundu zioten emakumeen buru izan zen Maria Magdalena. Ebanjelari bik diotenez, Jesusek zazpi deabru aterarazi zituen Magdalenaren gorputzetik; usadioak sexu-bekatutzat hartu ditu deabru horiek eta, ondorioz, Magdalena prostitutatzat jo ohi dute. Hala ere, ideia hori Batikanoko II. Kontziliotik aurrera baztertu du eliza katolikoak. Ebanjelioko beste pasarte batzuen arabera, Magdalena Kalbario mendian egon zen, Ama Birjinaren alboan, Kristoren pasioan; era berean, Magdalenari agertu zitzaion Jesus lehenengo aldiz berpiztu ondoren.


Ohitura eta Errituak
Gaur egun, Magdalenaren egunean meza ematen da eta erromeria egiten da. Hurrengo domekan, halaber, herriko jaia egiten da.
Eraikina
Jatorriz, XVI. mendearen hasieran egin zuten eraikina. Harlangaitz-hormak, oinplano angeluzuzena, bi isurkiko estaldura eta ate bi ditu. Ate nagusiakerdi-puntuko arkua du bai eta zurezko zutiko edo zutabe handien gainean datzan atari berri bat ere. Beste ateak, ermitako alde batean dagoenak,ojiba-arkua du. Eraikinaren barruan, aldare-buru, Andra Maria Magdalena irudia dago. XX. mendeko 80. hamarkadan erre egin zen ermita, eta 1990. hamarkadan berregin zuten.
Hornidura
Magdalenaren irudiak ile luzea dauka; eskuan lurrin-ontzia darama. Kristoren gorpua garbitzeko asmoz hilobira joan ziren hiru emakumeenetako bat izan zela adierazten du ontziak. Eskultura askotan berpintatu dute eta baliteke berzizelkatua izatea; dena den, XVIII. mendekoa omen da.
San Ildefontsoren eskulturak gotzain baten itxura du: mitra eta kasula gorriak jantzita, ezkerreko eskuan makila eta eskumakoan liburua darama.
Paduako San Antonioren margotu gabeko zurezko eskultura egin berria da. Ohiko eran irudikatu dute santua, Jesus Haurra besoetan daramalarik.

Plaza de La Encarnación 9B
48006 Bilbao
Tel: (34) 944 320 125
Honek diruz lagundua:


Webgunea, hauen laguntzarekin:
