Done Bartolome Apostolua
Launtza (Larrabetzu)
Kanpoaldean zizelkatutako Kristo gurutziltzatu enigmatikoa da ermitaren jagolea.
Deitura
Larrutzeko momentuan bertan irudikatu ohi dute Bartolome, zuhaitz edo oinaze-zaldi batera lotuta. Beste batzuetan, esku batean martirioan erabili zuten labana eta bestean bere larrututako azala daramalarik irudikatzen dute. Santu martiria denez gero, palma ere eroan ahal du, heriotza gailendu duenaren ikurra. Beste irudi batzuetan deabrua zapaldu eta kate batez lotzen du, bere mirari baten oroigarri gisa: usadioaren arabera, Bartolomek Belial izeneko deabrua erakusteko eskatu zion Kristori;
Kristok, orduan, deabrua agerrarazi zuen eta “zapal ezazu lepondoan eta galdetu ezazu” agindu zion apostoluari. Larrua lantzen dutenen patroia da; nerbio-gaixotasunak sendatzen dituela ere uste da.
Ohitura eta Errituak
Ama izan direnak ermitara etorri ohi dira beren seme-alabekin, haurrek ondo lo egiteko eta amesgaiztorik ez edukitzeko eskatzera. Horretarako, kandelak eskaintzen dizkiote santuari.
Eraikina
Oso ondo landutako harriez eraiki zuten; hala ere, harrien itxuraren eta tamainaren aldeko ezberdintasunek ermita hainbat zatitan egin zutela ustearazten dute. Erdi-puntuko arkuko atea dauka. Barrualdean, bi isurkiko teilatu-zurajea zurezko zutikoen gainean datza, lau ataleko nabea sortuz. Aipagarriak dira ermitako leihoak: hegoaldeko horman ojiba-arkuko leiho bikia dago; burualdean, bao trilobulatuko beste leiho biki bat dago, gainean gurutze txikia eta molduradun bao angeluzuzena dauzkana.
Hegoaldeko hormako silarri batean, Kristo gurutziltzatuaren zizelatutako irudia dago; barrualdera begira egon omen zen irudia baina, ermitako berreraikitzeren batean, kanpora begira jarri zuten.
Hornidura
Gaur egun ez dago irudirik ermitan; hala ere, antzina lau eskultura eduki zituen: Bartolome Zaharra deritzona, Santa Katalina, Done Sebastian eta Done Bartolome berria. Eskultura guzti horiek zurezkoak eta polikromoak dira; batzuk, ordea, garai modernoan berpintatu dituzte. Santa Katalina, Done Sebastian eta Done Bartolome berriaren irudiak Goikolexeko parrokian daude; San Bartolome Zaharra, berriz, Bizkaiko Eleiz Museoan dago ikusgai.
Done Sebastian gotikoko bukaerako eskultura da, 1525 alderakoa. Zutoin batera dago lotuta, eskuak atzean dituelarik. Oihal bat baino ez du janzten, aldaken parean. Gorputzaren alde batean, odola darion zauri bat, bere martirioaren oroigarri: hor gezi bat egon zen, geziez josita hiltzera zigortu baitzuten santua.
Bartolome Zaharra eta Santa Katalinaren irudiak manieristak dira, XVI. mendearen bukaerakoak. (Santa Katalina) Bartolome Zaharrak adineko gizon bizardunaren itxura du eta Michelangeloren eskulturen hazpegiak hartzen ditu eredu. Ohikoa denez, deabrua zapalduz irudikatu dute. Santa Katalinak soineko nobleak eta koroa janzten ditu. Ezkerreko eskuan liburu irekia dauka, bere jakinduriaren ikurra; eskumakoan palma edo ezpata (burua moztuta martirizatu zutenaren seinalea) eraman omen zuen. Bere oinaldean, gizon bizardunaren burua dago, koroa jantzita: Maximiano enperadore erromatarra da; berak agindu zuen Katalina hiltzea, jainko paganoen aldeko sakrifizioak egiteari uko egiteagatik edo, beste bertsio batzuen arabera, enperadorearekin ezkontzeari uko egiteagatik.
Goikolexeko parrokian dagoen Done Bartolomeren irudia eraman ohi da ermitara santuaren egunean, abuztuak 24. Irudi barrokoa da, XVIII. mendearen erdikoa, ederra eta itxura dinamikokoa, baina oso era itxusian berpintatua. Eskumako eskuan liburua darama; ezkerrekoan santua larrutzeko erabili zuten labana eroan omen zuen.
Plaza de La Encarnación 9B
48006 Bilbao
Tel: (34) 944 320 125
Honek diruz lagundua:
Webgunea, hauen laguntzarekin: