Paduko San Antonio eta San Antonio Abata
San Antonio (Otxandio)
Kuruztoki-ermita bikaina bide-bazterrean, abereak eta pertsona behartsuenak babesteko.
Deitura
Tenplu hau Antonio Santu bien -Abata eta Padukoa- izenpeko da.
Oso familia aberatsekoa zan San Antonio Abatak (Egipto 250-356 ingurua) behartsuen artean banatu ebazan bere ondasun guztiak eta bizimodu aszetikoa eroan eban basamortuan. Irakurtzen, otoitz egiten eta eskulanetan emoten eban denpora gehiena. Herriak kristautasuna bizitzeko era garbi lez ikusten eban bere soiltasun eta umiltasuna eta, ondorioz, asko ziran bere ikasleak. Monasterioetan antolatu ebazan -hori dala-eta monakotzaren gurasotzat joten da-, baina berak bakardadean bizitzea aukeratu eban. Deabru batek hainbat bider eraso egin eutsola esaten da eta bere buruari otoitz eta barauan oinarritutako arau zorrotzak ezarriz gainditu ebazala tentazinoak. Urtarrilaren 17an ospatzen da bere eguna, eta abereen zaindari da, sarri piztien itxura hartzen eban deabruagaz izan ebazan esperientziengaitik, eta izadiagaz eban hartu-emon estuagaitik.
Bestalde, Paduko San Antonio (Lisboa 1195 – Padua 1231), fraile frantziskotarra izan zan, predikari eta teologo lez nabarmendu zan Eleizako Doktore. Leon XIII.ak “guztion zaindari” moduan agertu eban, berarenganako gurtza mundu osoan zabaldu zalako. Bere sermoiak eta dialektika eta oratoriarako gaitasuna bikainak izan ziran itxura danez, eta, Veronako San Pedro martiriaren ostean, Eleizak altarara bizkorren goratu eban santua izan zan. Ekainaren 13an ospatzen da bere eguna eta behartsu eta pobreen zaindaria da eta baita emakume antzuen, bidaiarien, igeltseroen, okinen eta papergileena be, eta galdutako gauzak aurkitzeko eta senar/emaztea bilatzeko laguntza eskatzen jako.
Ohitura eta Errituak
Gaur egun, Paduko San Antonio egunaren -ekainak 13- ondorengo domekaz ospatzen da meza ermitan; eleizkizunaren ostean, auzotarrek hamaiketakoa eskaintzen dabe.
Antxina Otxandiko parrokiatik ataraten ziran erregutean ermitaraino; bertan, gero izurrite eta harren kontra babestu ahal izateko ortuak txipriztintzeko ura bedeinkatzen eben. Gero bederatziurrena -jarraiko bederatzi eguneko otoitzaldia- ospatzen zan.
Errege-bidearen ondoan egoanez, Urkiolako santutegirantz joiazan auzotarren abiapuntu zan eta bertan limosna asko batzen zan.
Mirariak ugari (Felipe Arrese Beitiarena, 1841-1906) abestia kantatzen da Paduko San Antonioren omenez, lelo honegaz:
Mirariak ugari
badozuz billatzen
Antoniogana joan
berari eskatzen
.
Beste bat dago Antonio bientzat lelo honegaz:
Agur, agur, Antoinuak;
Agur, agur, Santu altsuak…
.
Eraikina
Kuruztoki-ermita zabala , nabe bakarrekoa eta burualde zuzen baxuago eta estuagoa dauana. Harri-hormaz eratuta dago, zurituta barrualdean, eta harlanduz sendotuta kantoietan eta egitura-osagaietan.
Nabea hiru ataletan banatuta dago zutabe toskanarrez eta erdi-puntuko arkuez; kanpoaldetik honeei horma-bularrak dagokiez, ezpondaz burututa estalkiraino heltzen diralarik.
Oholezko kanoi-ganga beheratuaz estaltzen da; erdi-puntukoa sarbidetzat dauan altara ertz-gangaz -trenkada-multzozkoa- ixten da.
Kuruztoki-ermitari dagokionez, hau da ibiltariek aurretik pasatzean otoitz egin eien eraikita egoanez, oinetako fatxada zabalik dago eta barrualdea erraz begiztatu daiteke. Itxitura, harlanduzko hormatxoa, burdin hesi barrokoa eta sarrerako atea da. Burdin langa hau goialderantz be luzatuko zan, puntu-erdian, baina gaur egun ia guztiz hormatuta dago.
Aurrealdean, oin zuzenen gainean zurkaizten dan hiru isurialdeko teilatua dauan eleizpea dago. Bere zoladura, enkatxoa da -errekarrien harzola- eta motibo erlijiosoak (Kurutzea eta Kristoren aurpegia, Ebanjelioa, oilarra, e.a.) ditu marraztuta.
Hegoaldea burutuz, bao bakarreko kanpai-horma soila altxatzen da.
Osotasunean hartuta, handinahiz proposatutako eraikin sendoa da. Zerbaitegaitik egin eban Juan Ansola hargin maisu entzutetsuak, lanak 1676 eta 1680 bitartean (sarbidearen gainean agertzen da data hau) zuzendu ebazanak. Baina baleiteke aurretik hemen beste tenplu bat izatea, 1612koa dan Zentzabideen ermita herrian eraikitako azkena izan zala esaten dalako.
Hornidura
Deigarriena, erretaula nagusia da. Kale bakarrekoa da, aulki, gorputz eta teilatupeagaz. Landare- eta frutu-girlandak, kiribil-mentsulak, lore handiak eta gehiegizko osagai kiribilduak dabezan zutabeez apainduta dago. Altzari guztiz barrokoa da, 1700 ingurukoa, ermita amaitzeaz batera eraikiko zana.
Aulkiak sagrarioa jasoten dau eta alboetan, bere garaian margoak eukiezan panelak.
Etxeak aterpea emoten deutse santu titularrei, mutilatu samar badagoz be: Abatari ondoan izaten dauan txerria falta jako eta Padukoari besoaren gainean eroaten dauan umea.
Teilatupean, Kalbarioa ikusi daiteke, erretaularen gainerako zatiak baino zaharragoa emoten dauan Kristoren eskulturagaz, beharbada XVII. gizaldiaren hasierakoa; albo banatan, San Joan eta Ama Birjina ikusi daitekez, kalitate txikiago dabe eta oholaren gainean margotuta dagoz.
Gainera, nabearen buru-horman, laukia jarrita daben eta erretaula moduan funtzionatzen daben -euren mahaia be badabe- mihise bi dagoz. Zoritxarrez, oso hondatuta dagoz, baina oraindik baten Asisko San Frantzisko ikusi daiteke Aingeru Guardakoagaz eta bestean San Gregorio eta San Antolin. Margoek zein laukiek -diamantezko punta, saihets, frutu-girlanda, boluta-frontoa, e.a.- XVI. gizaldira garoez, ermitaren zaharbarritzearen aurreko sasoira eta horrek aurretik beste bat egoala eta margolan eta erretaulako Kristoren irudia aprobetxatu ebezala pentsarazoten deusku.
Pulpitua be zutik dago, panelez -XIX. gizaldiko estilo neoklasikoko osagai apala- apainduta.
Plaza de La Encarnación 9B
48006 Bilbao
Tel: (34) 944 320 125
Honek diruz lagundua:
Webgunea, hauen laguntzarekin: